Jasangarritasuna, eraikuntza tipologiak eta materialak (I)

Jasangarritasuna,  eraikuntza  tipologiak  eta  materialak  (I)

Eraikuntza tipologia jasangarriak izateko lehian aurkitzen dira; alde batetik, 30 solairutik gorako eraikina, altzairuz eta errezel-horma bidez eraikia, eta bestetik, zurez eraikitako eta leiho portzentaje txikiko banakako etxebizitza. Elkarren arteko antzik ba al dute? Bi eraikuntza motek jaso dezakete aukeratutako ingurugiro ziurtagiriaren (UNE-EN ISO 14006, LEED, BREEAM, HQE,…) etiketa mailarik altuena, eraikuntza jasangarritzat definituz.

Harridura eta nahasmena sortzen dute horrelako kasuek, hain ezberdinak diren eraikuntza tipologiak modu berean definitzen direnean.

 

Torre Hearst -Foster+Partners, 2006 / Fredericks House- Glenn Murkutt, 1982
Torre Hearst- Foster+Partners, 2006                  Fredericks House- Glenn Murkutt, 1982

 

Alde batetik, tipologia jasangarrientzako eredu bezala lurzoruaren okupazio minimoa defendatzen da. Modelo honek baliabide mugatua ez agortzeko metodoa aldarrikatzen du eta ondorioz, dentsitate handia duten eraikin altuak tipologia gomendagarriena bihurtzen dira. Bestetik, dorre tipologien eraikuntzak ingurua eta ingurunearen oreka hondatzen duten ekintza ikaragarritzat jotzen dira, kasu honetan dentsitate baxuko eraikinak tipologia jasangarriena definituz.

Edonola, aipatutako eraikin altuen tipologia mota, oso jasangarriak ematen ez duten material zehatz (altzairua, hormigoia, …) batzuen erabilerarekin erlazionatzen da. Material horiek ez dute lekurik buruan dugun eraikuntza jasangarriaren ereduan. Hori dela eta, garrantzizkoa da aipatzea parametro ezberdinen (materialen energia erantsia, CO2 igorpena, bukaerako energiaren kontsumoa, energia eskakizuna, energia berriztagarrien erabilera, barne inguruko konforta, …) arteko oreka eta bizitza baliagarriaren luzapena direla jasangarritasunaren alderdi nagusiak. Eraikuntza materialak aukeratzeko orduan ez da soilik hauen energia erantsia aztertu behar, baita ere; eraikinean betetzen duten funtzioa, haien iraunkortasuna eta birziklagarritasun maila. Gerta daiteke material baten erabilera jasangarria izatea, nahiz eta energia erantsi kantitate handia izan, material horrek definitzen duen sistemak energiaren eskakizuna asko murrizten duelako eraikinaren erabilera fasean. Kasu hau ematen da fatxadetako leihoekin (arotzeriak). Hegoaldera orientatuta dagoen berotegi batek, eraikin baten berokuntza eskakizuna murriztu dezake zuzeneko eguzki-erradiazioaren erabilerari esker. Ikusi daiteke material soil batzuen erabilerak ez duela auditoriaren kalifikazioa definitzen, baizik eta bestelako neurriek. Beharrezkoak diren neurriek kontutan hartuko dute: eraikinaren bizitza baliagarria osoa, kontsumo energetikoa, elementuen berrerabilpena, uraren kontsumoa, etab

Kontzeptuak sinplifikatzeko eta banatzeko tendentzia ematen da gaur egun, informazioa bereganatzea errazagoa izan daiteke horrela. Baina etorkizun desiragarrienean, hiria mota guztietako eraikuntza tipologien bidez hobetuko litzateke beti ere jasangarritasuna irizpide izanik. Gaur egun jasangarritasuna neurtzen duten hainbat parametro eskuragai ditugu. Hauei esker eraikin tipologia jasangarri ugari gara ditzakegu. Garapen jasangarria arkitektura eta hirigintzaren kalitatea hobetzeko tresna izan behar da, modan dauden joerak kontutan hartu gabe.

 

Pilar Saiz