– HAZKUNDE JASANGARRIAREN AUKERA –
Etengabe egiten dira eraikinen birgaitze eraberritzeak Euskadin eta azkenengo boladan gorakada izan dute etxebizitzetako fatxaden eraberritzeek. Egoera honek birgaitze proiektuak egiteko aukera eskaintzen du, bide batez eraikinaren bizigarritasuna hobetu daitekeelarik kanpoko bilkariaren patologiak konponduz gain.
Kontutan hartu beharrekoa da baita eraikinik jasangarriena ez dela eraikitzen dena baizik eta birgaitzen dena. Eraikin baten jasangarritasuna definitzeko parametro klabea da bere bizitza baliagarria. Bizitza baliagarria luzeagoa den heinean jasangarriagoa izango da eraikina. Premisa hau oinarritzat hartuta, birgaitzea eraikinen bizitza baliagarria luzatzeko modua da erabiltzaileekiko zerbitzuak murriztu gabe. 1.039.136 etxebizitza daude EAE-n eta hauen batazbesteko-antzinatasuna 42 urtekoa da, Eustat-en bitartez lortutako datuen arabera. 80. Hamarkadako kotxe, telebista, ordenagailu, telefono eta mugikorren modeloak gogoratuz ulergarria da duela 40 urtetako bizitza estandarrak ez direla gaur egungoekin parekatzen.
Hirien diseinuaren arloan dauden arauek eta jasangarritasun ikerketek hirietako lur urbanizagarria murrizteko joera ezartzen dute. Egungo hiri-lurretan oinarritzen den hazkunde neurritsuagoa eta kontrolatua lortu nahi da, gaur egun Europar Batasuneko lurzoruaren %25 hiri lurra da eta. Ahaleginen muina gaur eguneko hiri lurretan dauden eraikinen berrerabiltzean oinarritzen den hazkundea garatzea izan behar du.
Birgaitze proiektuak jatorrizko eraikinarekiko errespetutik planteatu behar dira. Bere balio orokorra onartuz eta bere integritatea helburutzat ezarriz, erabiltzaileen konforta eta eraikinaren alderik problematikoenak hobetzen diren bitartean. Hori dela eta, birgaitze proiektu bakoitzak jatorrizko eraikinaren aurretiko analisiaren ondorio diren egoera eta soluzio ezberdinak planteatzen ditu. Eraikin bakoitzaren ezaugarria da bere: orientazioa, konpazitatea, altuera, dentsitatea, lehioak, fatxadaren erritmoa… eta hezetasun, aireztapen falta, argiztapen naturalaren … motako arazo bereiziak.
Lehenengo erreferentzia Kadizen kokatzen direnViviendas de Realojo etxebizitza bloke baten birgaitze proiektua da estudio MGM-ak garatuta. Jauregi etxebizitza zahar batean lantzen da proiektua interbentzio ezberdinen bitartez. Espazio bizigarriak sortzen dira aurretik argiztapen eta aireztapen naturala bezalako bizigarritasun baldintzak ez zituen eraikina moldatuz. Kasu honetarako abiapuntua babes-maila ezberdinak dituen eraikina izanda, ekintza bereiziak proposatzen dira:
- Birgaitzea eta Sendotzea XVIII. mendeko eta antzinatasun gehieneko hormetarako (BO+ 1O)
- Berregituratzea patioak moldatu gabe araudia dela eta
- Ordezkapena eraikinaren zati batean (2O)
- Handitzea altueran (atzeratutako atikoa)
Gure inguruko hainbat eraikinetan erabili daitekeen beste erreferentzia bat honakoa da “60 hamarkadako dorre baten handitzea eta berriztapena, Suitza”. Kasu honetan solairu bakoitzeko lau apartamendu txiki zituen hasierako antolaketa moldatzen da, bi etxebizitza handiagoak ezartzeko solairu bakoitzean. Solairu bakoitzeko azalera ere handitzen da. Alde batetik, duplex eta tamaina txikiko etxebizitza berriak izango ditu hegoaldeko fatxadan bolumen berri baten bidez, eta bestetik, terraza bolumen berrien bitartez handitutako etxebizitzak kokatzen dira iparraldeko fatxadan
Azkenik, 2011. urtean Bremenen etxebizitza prototipoen lehiaketa plazaratu zen eraikita dauden eraikinen kalitatea hobetzeko premiarekin. Irabazlearen proposamena 5 fasetan antolatzen da zurezko modulu aurrekoitzi berri baten txertatzea oinarri izanda. Modulu hau dagoen eraikinarekin konektatzen da pasarela ezberdinen bitartez. Helburua bikoitza da:
- Irisgarritasuna ziurtatzea jatorrizko eraikinean, igogailurik ez zuelako.
- Behin-behineko etxebizitza moduan balio izatea jatorrizko eraikinaren erabiltzaileetan birgaitze lanak irauten duten bitartean.
Eraikinen mantenimendurako nahikoa izaten da erreformekin, baina eraikinaren kalitatea eta erabiltzaileen konfort maila hobetzeko beharrezkoa da birgaitzea. Hirietan jada dauden eraikinen bizigarritasuna hobetzen dituzten eta bide batez hiri-bilbea berroneratzen eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen dituzten proiektu berriak diseinatzeko modua erakusten dizkigute aukeratutako hiru birgaitze adibideek. Azkenengo adibidean egiten duten moduan proiektuek ere hirietako gune batzuk birdentsifikatzeko eta tipologia berriak ezartzeko edo daudenak berrietara egokitzeko balio dezakete, gaur eguneko bizitza estilora hobeto egokituz.
Pilar Saiz Coria