Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra udalerriko hirigintza-garapena antolatu eta planifikatzen duen dokumentua da.
Zazpi urte baino gehiagoko lanean, herritarrek eta erakundeek parte hartzeko prozesu garrantzitsu bat garatu da. Gainera, sektoreko legeria berria eta ugaria sartu da.
Plan berria osoko bilkuran ordezkaritza duten alderdi guztiek 2020ko abenduan aho batez onartu zuten.
Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak apustu irmoa egiten du hiria berroneratzearen, birgaitzearen eta berritzearen alde.
Lehenik eta behin, aurreko planean garatu gabeko eremuak berrikusi dira, jarduketa guztiak bideragarriak izan daitezen, bai eta Plana bera ere.
Era berean, lau Eberrikuntza Integraleko Eremuak planteatzen dira Larrazabalen, La Basconian; Federico Mayo, Arizen; Clemente Beltrán de Heredia, Bidebietan, eta Hernán Cortés, San Miguelen, hiri-berrikuntzako planen mende daudenak.
Ildo horretan, La Basconian proposatutakoa da jarduketa handiena.
Helburua da bideetatik bereizitako eremu bat leheneratzea, industria abandonatuekin, etxebizitza degradatuekin, segurtasunik gabeko eremuekin, zerbitzu eta irisgarritasun faltarekin… eta aukera-eremu berri bat bihurtzea.
Planean, erabileren arteko bizikidetza aurreratzen da, joan-etorriak minimizatzeko; hala, jarduera ekonomiko industrialak eta hirugarren sektorekoak bizitegi-eremuetatik gertu daude, ekipamenduz eta espazio librez bereizita.
Nabeen eta etxebizitza zaharren ondare eraikiari balioa ematen zaio. Ekipamenduetan eta gazteentzako edo egoera ahulean dauden kolektiboei harrera egiteko zuzkidura-bizitokietan eraberritzea proposatzen da.
Hori guztia auzo berri bat osatzeko. Etxebizitza libre eta babestua, irisgarria eta energetikoki eraginkorra. Bidegorriekin, zuhaiztiekin, plaza berdeekin… Ibaiertza berreskuratu egiten da herritar guztien gozamenerako, bai eta ekipamendu eta espazio libreak ere.
Behin betiko antolamendua Hiri Antolamenduko Plan Berezi baten bidez ezarriko da.
Bestalde, planak motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzen du. Ekipamendu eta jarduera ekonomikoko gune guztiak etxebizitzarekin lotzen ditu oinezkoentzako ibilbide-sare batean, bizikletaz eta garraio publikoan, ibilgailu pribatua erabili gabe irisgarriak izan daitezen.
Azkenik, diseinuaren lehen faseetatik, Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ingurumen-baldintzak sartu ditu, hala nola zarata, uholde-arriskua, bisoi europarraren eta arrain arantzatsuaren kontserbazioa… eta sektoreko legeriak eragindako eragin guztiak (mendiak, ibaiak, errepideak, trenbideak, aireportuak, salgai arriskutsuak, etab).
LOKARRIAK: Basuariko HAPOAaren aldez aurreko ikasketak / Avance PTP Bilbao Metropolitano